Web irisgarritasun

Web irisgarritasuna erabiltzaile orori webgune baterako sarbidea ahalbidetzean datza, desgaitasunen bat dutenentzat bereziki. Irisgarritasun kontzeptua, atzigarritasun edo erabilerraztasun bezala ere ezagutzen da.

Irisgarritasunaren[Betiko hautsitako esteka] nazioarteko sinboloa

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) ezintasunen bat duten 1.000 milioi pertsona biltzen ditu bere txostenetan (2011 datua). Pertsona horiek teknologiara duten sarbidea kontuan hartu behar da berdintasunezko gizartea eraikitzeko orduan.

Osasunaren Mundu Erakundeak berak, 2001eko Funtzionamenduaren, Desgaitasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Sailkapenaren (FDONS) bidez, honela definitzen du desgaitasuna: "Termino generikoa, defizita, jardueraren mugak eta parte-hartzearen murrizketak biltzen dituena. Gizabanako baten (osasun-egoera batekin) eta haren ingurune-faktoreen (ingurumen-faktoreak eta faktore pertsonalak) arteko elkarreraginaren alderdi negatiboak adierazten ditu ". (Egea, 2006).

Webguneak irisgarritasunean pentsatuta diseinatuta daudenean, erabiltzaile guztiek eduki berdinak eskura ditzakete. Adibidez, gune batek semantikoki zuzena den XHTML kodea[1] duenean, irudien ordezko testu baliokide bat ematen da, eta estekei izen esanguratsua ematen zaie; horri esker, ikusteko zaitasunak dituzten erabiltzaileek pantaila-irakurgailuak edo Braille lerroak erabil ditzakete edukietara sartzeko. Bideoek azpitituluak dituztenean, entzuteko zailtasunak baina ez ikustekoak dituzten erabiltzaileek bete-betean ulertu ahal izango dituzte. Edukiak hizkera errazean idatzita eta diagrama eta animazioekin ilustratuta badaude, dislexia edo ikasteko arazoak dituzten erabiltzaileak hobeto ulertzeko moduan daude.

Testuaren tamaina behar bezain handia bada, ikusteko arazoak dituzten erabiltzaileen zailtasunak gutxiagotzen dira. Era berean, botoien edo eremu aktibo egokien tamainak sagua zehaztasunez kontrolatu ezin duten erabiltzaileek errazago erabil dezakete. Gailu jakin baten mendeko ekintzak saihesten badira (tekla bat sakatu, saguarekin klik egin), erabiltzaileak gehien komeni zaion gailua aukeratu ahal izango du.

Aurreko paragrafoetan aipatutakoa Irisgarritasun Jarraibideetan laburbil daiteke; jarraibide horiek azaltzen dute nola egin irisgarri webguneko edukiak desgaitasuna duten pertsonentzat. Jarraibideak webguneko edukien diseinatzaile guztientzat eta sorkuntza-tresnen diseinatzaileentzat daude pentsatuta. Jarraibide horien helburu nagusia irisgarritasuna sustatzea da.

Jarraibide horiek World Wide Web Consortium (W3C) delakoaren espezifikazioak dira, eta horien bidez desgaitasuna duten pertsonentzako webguneen erabilerraztasunari buruzko gida bat ematen da. W3C webguneko Irisgarritasun Ekimenaren (WAI) bidez garatu dira.

  1. «HTML and XHTML» www.w3schools.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search